XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hona lekuz alda dezatela eskatu behar du osasun-arrazoiengatik, esan zuen.

Hemen dagoenean indultua maneiatuko dugu.

Ba al liteke hori?, galdetu zuen jeneralak.

Ezin liteke, esan zuen Montillak, baina egin egiten da.

Jeneralak begiak itxi zituen, bapatean aztoratu ziren gaueko txakurren eskandaluaz ohartzeke, eta Montillak pentsatu zuen atzera lokar hartu zuela.

Gogoeta sakonaren ondoren berriro begiak ireki eta artxibatu egin zuen arazoa.

Ados, esan zuen.

Baina nik ez dakit ezer.

Gero erreparatu zien soilik esparru murrudunetik zingira urrunduenetaraino uhin zentrukidetan hedatzen ari ziren zaunkei, non baitzeuden txakur trebatuak beren zaunka ez egitearen artean beren jabeak ez salatzeko.

Montilla jeneralak kontatu zion kaleko txakurrak pozointzen ari zirela amorrua zabal ez zedin.

Esklabuen auzategien hozka egindako haurretako bi soilik lortu zuten harrapatzea.

Besteak, beti bezala, gurasoek ezkutatu zituzten beren jainkoen pean hil zitezen, edo Marilabajako zingiretako basatien barrutietara eramaten zituzten, gobernuaren besoa iristen ez zen tokira, sugekari-arteekin salbatzen ahalegintzeko.

Jeneralak ez zuen inoiz saiorik egin patuzko erritu haiek ezabatzeko, baina txakurren pozoinketari ez zion giza kondizioarentzat duin iritzi.

Zaldiak eta loreak adina maite zituen.

Lehen aldiz Europarako ontzia hartu zuenean txakurkume pare bat eraman zuen Veracruzeraino.

Hamar baino gehiago zeramatzan Andeak zeharkatu zituenean Venezuelako Lautadetatik laurehun lautadari oinutsen buru zihoala Nueva Granada askatzeko eta Kolombiako errepublika sortzeko.

Gerra beti eraman izan zituen.